Parabellum + Potato +EH Sukarra
Herrerako jaietan ez da zuzeneko musikarik faltako. Ostiralez Parabellum (argazkian), Potato eta EH Sukarra ariko dira zuzenean, rocka, punkak eta reggaeak bat egingo duten gaualdian.
E.H. Sukarra 1989an Eibarren sortutako taldea da. Mikel Gorosabel ‘Norton’ek gidaturiko taldea da haren sorreratik. Hogei urtetik gora igaro dira Gaztea irratiak antolaturiko lehen maketa lehiaketa irabazi zuenetik, eta geroztik bederatzi disko argitaratu ditu, horietako bat zuzenean. Bide horretan, Facundo Amador (bateria) eta Cesar Tejada (baxua) izan ditu alboan Nortonek. Azken bi diskoak 2013ko ‘Uhinak’ eta 2015eko ‘Azken gezia’, Mikel Artieda baxu jotzailearekin (M-ak, Tapia eta Leturia Band…) eta Heloy Galan bateria jotzailearekin osatu ditu. Rock jarrera duten diskoak dira guztiak.
Euskal Herriko musika liburuetan letra larriz idatzi beharreko izena da Potato taldearena. 1984 urtetik martxan, etenik gabe aritu izan dira Euskal Herrian zein munduan zehar reggae koloreko kantuak zabaltzen. Euskal Rock Erradikalaren garaian hasi zuten beraien ibilbidea, eta musikalki beste parametro batzuetan izan arren, emanaldi ugari eskaini zituzten, Cicatriz, La Polla Records edo Hertzainak bezalako rock eta punk taldeekin. Gerora, ez du etenik izan taldearen jardunak, baino bai izan dituzte geldiuneak eta batez ere taldekide aldaketak. Egun, Pako Pko abeslaria da taldeko hastapenetatik jarraitzen duen kide bakarra, eta berak eusti dio taldearen arimari urte hauetan guztietan. Bataz beste, 30 musikaritik gora igaro dira taldetik gaur egunerarte. Taldekideak aldatu diren arren, taldearen izaera mantendu da.
90. hamarraldiko punk rock talde esanguratsuenetako bat izan zen Barakaldoko Parabellum banda. 1985 urtean sortu zen taldea, eguneroko errealitate krudelari musika bidez izkin egiteko, eta Euskal Herriko zein gure mugetatik kanpo toki bat egitea lortu zuten. Taldearen lehen urteak abiada bizikoak izan ziren, eta hamar urteko bidean lau disko argitaratu zituzten, taldea pixkanaka desegin arte. 2017 urtean itzultzen da Parabellum agertokietara, eta geroztik zuzenekoak eta diskoak uztartu dituzte, betiko kantu zerrenda mantenduz, baino errentetatik bizi gabe. Egun Josu Korkostegi (Ahots nagusia eta bateria), Lino Prieto (baxua eta azpi-ahotsak), Pedro de la Osa (gitarra eta azpi-ahotsak) eta Iñaki Setien (gitarra) dira Parabellum.
HERRERAKO JAIAK 2026 – KONTZERTUAK
Ekainak 12, ostirala, 22:00etan:
Parabellum
Potato
EH sukarra
Ekainak 13, larunbata, 21:30ean:
Andoni Ollokiegi
Bidean erromeria
Ekainak 20, larunbata, 21:30ean:
Elektrobuiaka
Itzal erromeria