Bengo + Dupla + DJ Latxironga
Beñat Oribe eta Gari Uriarte dira Dupla. Arabako Agurain herritik datoz, eta musikalki doinu urbanoen orbitan kokatu izan dituzte. Musika elektronikoa eta erritmo beroagoak uztartzen dituzte, tartean hip hopa, popa, edota reggetoia. Hiru urteko bidean makina kantu kaleratu ditu bikoak, baino ohiko CD formatua atzean utzita, formatu digitalean eta bideo eran zintzilikatu dituzte sarean. Zuzeneko beroak eskaintzen dituen taldea da honakoa, bateria, baxua eta tramankulu elektronikoen bidez, ikuslegoa dantzan jartzeko dute asmo.
Aitor Bengoetxea oiartzuarra ezkutatzen da Bengo deituraren atzean. Gaztea izan arren dagoeneko hamarkada bat darama musika eszenan, bidean zuzeneko emanaldiak eta kantuak tartekatzen. Diskografia oparoa batu du musikariak urte hauetan guztietan, eta egun lan berria aurkezten ari da kontzertuetan, non bere ibilbidea errepasatzen duen zuzeneko banda lagun. Izan ere, musika bideko estudioko hirugarren emaitza da ‘Belharra’, 2019 urteko ‘4 Taupada’ eta 2023ko ‘Bizirik’ lanen segida naturala. Rapean eta hip hop kulturan eman zituen lehen pausoak Bengok, denboraren poderioz musika territorio berrietan murgildu da, egun ‘musika urbanoa’ deitzen den zaku handi horretan kokatuz. Finean pop giroetan sakontzen du Bengok hirugarren emaitza honetan, ahots melodia goxo eta hitz errepika ederrekin.