MARUXAK + HOFE
Ondarruko udalak kontzertuak antolatu ditu Andramaixetarako. Abuztuaren 16 gauean Hofe (argazkian) eta Maruxak ariko dira zuzenean 23.00etatik aurrera.
Maruxak 2019an sortutako kolektibo trabesti bat da, Iruñeko Mendillorrin jaioa. Haien proiektuak trabestismoa, musika eta euskal tradizioko elementuak uztartzen ditu, folklorea ikuspegi queer, komunitario eta aldarrikatzaile batetik berreraikitzeko. Folklore Travesti bezalako ikuskizunaren bidez, genero-rolak zalantzan jartzen dituzte eta ospakizun-guneak aniztasunaren eta adierazpen askearen espazio bihurtzen dituzte. Azken urteotan Nafarroako hainbat gunetan aritu dira eta LAIAK LGTBIQ+ saria jaso dute. Haien EP berria, ESKUMINAK, aurkeztuko dute.
Igotz Mendez nafarra ezkutatzen da HOFE izenaren atzean. Atarrabian sortua musika zainetan eraman du gazte-gaztetatik eta elektronika giroetan murgildua da aspaldi. Musikalki rap eta trap giroetan kokatu izan da bere jarduna, baina bere eraginak askotarikoak dira. 2022 urtean kaleratu zuen ‘Amodioa’ (Oso Polita) diskoan argi ikusten dira bestelako eraginak, kantu guztein artean lotura bat dagoen arren. Lan honetan Xabier Lafuente eta Marcos Galech (4:40) ekoizleekin egin du lan, eta zuzenekoetan ere horrela taularatzen da. Lana zazpi kantuz osatua dator, eta kantuetan hainbat lankidetza topa daitezke, besteen artean Mimroyy, Suneo edo Kiliki Frexko.