RYOSUKE KYIASU + MURSEGO

08
Api
19:00
OÑATI (GIPUZKOA)
Antixena Gaztetxia
Sarrera : 8€ / 3€

Aurrera doa Antixena gaztetxean Burrunda faktoriaren musika egitaraua! Musikaren alde esperimentalaz gozatzeko kontzertua izango dugu apirilaren 8an Ryosuke Kyiasu eta Mursegoren eskutik.

RYOSUKE KYIASU
Ryosuke Kyiasu bere emanaldi berritzaileengatik mundu mailan ezaguna den kaxa-bakarlaria da. Bere proiektu pertsonalaz gain, besteak beste, Kiyasu SETE STAR SEPT, Kiyasu Orchestra edota Keiji Hainoren Fushitsusha taldeetako bateria jolea ere bada. Arreta handia erakarri du bere bakarkako ibilbideak eta Youtuben dituen ikustaldi kopuruak. Nazioarteko hedabideek egin dizkioten elkarrizketak eta erreportajeak begiratu besterik ez dago horren jakitun izateko. Mundu osoan zehar aritzen da biran, eta hainbat jaialdi ospetsuren parte ere izan da, hala nola Überschlag Festival (munduko perkusio klasikoko jaialdirik handiena), Dr. Martens Fest, Finlandiako Outsider Art Festival eta Txekiar Errepublikako Alternativa Festival. Lerro hauek irakurrita seguraski antzik ere ez zenion emango zein den Kyiasuren proposamena (askorik ere ez gara saiatu, egia esan); azaltzeko zaila da benetan. Ulertzeko onena, Youtuben bere bideoak ikustea, edo are hobeto, gerturatu Antixenara bere ikuskizun bereziaz gozatzera; ez dugu sarri izaten horrelako performancea ikusteko aukera.

MURSEGO
Maite Arroitajauregi da Mursego, ala Mursego da Maite Arroitajauregi? Maitek hainbat musika talderekin jo izan du txeloa: Anari, Lisabö, Xabier Montoia, Ama Say… Mursego, berriz, bere proiektu pertsonala da. 2009an grabatu eta argitaratu zuen Bat (1) izeneko lehen diskoa, eta ordutik, han eta hemen izan dugu haren berri; izan disko berriekin, zuzenekoekin, pelikuletarako egindako soinu bandekin ala bestelako proiektuekin. Aurretik hainbat aldiz izan da Oñatin eta Antixenan, eta haren kontzertu edo performancea disfrutatzeko aukera izango dugu beste behin ere. Denbora, espazioa, gorputza, entzuleekiko harremana… Kontzeptua ala estetika soila? Entretenimendua? Nola gorpuztu soinu bat? Nola utzi arrasto bat? Ikuskizunean, kontzeptu eta galdera horiek guztiak agertuko zaizkigu beste zenbaiten artean. Seguru erantzunak aurkitzen ere lagunduko digula Mursegok.

Kokapena
Antixena Gaztetxea
Oñatiko Gaztetxea
Patrue-Kalea, 7
20560 Oñati
https://www.facebook.com/antixena.onatikogaztetxia/
Bilaketa metodo berriak