Rodeo+ Sara Zozaya + Sistema de Entretenimiento + Mihise + Comic Sans
Urtero bezala, Zallako Musikadero musika elkarteak urteari amaiera ematen dio Udaberri Azidoa ekitaldiarekin. Musika alternatiboa gure herriko kaleetan gozatu eta disfrutatzeko doako festibala da honakoa, eta ekainaren 6ean ospatuko da. Aurtengo edizioa koloretsua eta anitza izango da eta bost taldek joko dute udaletxeko lorategietan jarriko den gunean. Rodeo, Sara Zozaya, Sistema de Entretenimiento, Mihise (argazkian) eta Comic Sans ariko dira zuzenean 19.30etatik aurrera.
Mihise Usurbilen sortutako musika taldea da. Aurretik Hotzikara eta Izeberg taldeetan aritutako Beñat Urteaga, Antton Aranburu eta Mikel Olasagastik osatua. Hasieran musika instrumentala egiten hasi baziren ere, sorkuntza prozesuan ahotsak eta instrumentu berriak sartzen joan dira. 2020an kaleratu zuten hamar kantuz osatutako beren lehen diska, ‘Kronik@’ izenekoa. 2025 urtean, berriz, taldearen bigarren lana plazaratzen da ‘Ahaldatu’ izenpean. Bi diskoak Balio Dute kolektiboaren baitan argitaratu dira.
DISKOGRAFIA
📀 Kronik@ [2020] 📀 Ahaldatu [2025]
Rodeo taldea gipuzkoako Zestoa herritik dator, eta 2014 urtetik ari dira martxan. Musika bidean lau disko kaleratu dituzte, eta bidean dute bosgarren emaitza izango den lan bikoitza. Musikalki stoner eta rock giroetan kokatzen da banda, eta soinu potolo eta psikodelikoetan murgiltzen dira garapen handia duten iraupen luzeko kantuetan. Zuzeneko bortitza duen banda da honakoa, eta agertoki gaineran eztandarazten dira. Ortzi Alberdi (gitarra eta ahotsak), Beñat Subinas (baxua), Oroitz Urbieta (bateria) eta Mikel Illarramendi (gitarra eta ahots nagusia) dira taldeko lau kideak taldea entsegu lokalean hasi zenetik.