Letagin + Niña Coyote eta Chico Tornado
Abenduaren 2an rocka eta stonerra izango dira nagusi Oñatiko Verduri Hall-Gaztelekuan Niña Coyote eta Chico Tornado (argazkian) eta Letagin taldeekin. Azken hauek “Zurrunbiloan” disko berria aurkeztuko dute gainera. Sarrerek 10€ balioko dute eta azaroaren 11n (larunbata), 10:30etan jarriko dira salgai Txokolateixan eta Udalaren web orrialdean.-
Ursula Strong (Bateria) eta Koldo Soret (Gitarra eta ahotsa) dira Niña Coyote eta Chico Tornado. Musika abentura ezberdinetan ibilitako musikariak dira biak, eta 2012 urtean jartzen dute martxan egitasmo berri hau. Denbora tarte honetan estudioko hiru disko luze plazaratu dituzte, bai eta EP eta single bat ere. Desertu kiratsa duten erritmo gogor eta pisutsuak jorratzen dituzte, euskaraz abesturiko kantuak eta abesti instrumentalak tartekatuz. Euskal Herrian ez ezik, Europan, Mexikon edota Japonian aritu da zuzenean banda.
Letagin taldea 2018an sortu zuten Oñatin Julen Agirre (ahotsa eta gitarra), Mikel Aginagalde (gitarra), Unai Lete (baxua) eta Xabier Letek (bateria). Aurrez Show Business, Bagauda eta Asfikzia bezalako taldeetan jo ostean, eskandinaviar rockanrolla oinarri hartu eta proiektu berri bati hasiera eman zioten. 2020 urte hasieran zazpi kantuz osaturiko lehen lana grabatu zuten Garate Estudioetan Martxel Arkarazoren gidaritzapean. 2021ean Xabier bateriak taldea utzi behar izan zuen, eta Iban Idigoras (Potemkin, Bizarro) batu zen taldera. Berriki, ‘Zurrunbiloan’ diskoak ikusi du argia, taldearen estudioko bigarrena eta sei kantu berriz osatua. Diskoa Gaua estudioetan grabatu da Asier Zubelzu, Iker Aginaga eta Iker Villaren gidaritzapean. Oholtza gainera igo eta zuzenekoetaz gozatzea du helburu taldeak egun.
DISKOGRAFIA
📀 Letagin [2020] 📀 Zurunbiloan [2023]
Foruen Enparantza Plaza, 4
20560 Oñati