EIDER + HAIZE ARROSA
90. hamarkadaren amaieran Ene Bada taldean aritu ziren Haize-Arrosa taldeko zenbait kide. Nagusiki trikipop giroetara zetorren honako taldea, eta estudioko bi disko eta dozenaka emanaldi eskaini zituzten hamar urtetako musika bidean. 2007 urtean desegin zen banda Plateruena antzokian eskaini zuten azken emanaldiarekin, uzta oparoa utziz bere bidean. 2022. urtean piztu zitzaien berriz musika sortzeko griña, eta Haize-Arrosa izenpean egin dute aurrera. Ene Bada taldearen koordenada batzuk mantentzen dituzte banda berrian, eta era berean musikalki bira berri bat eman diote egitasmoari, doinu berriak batuz taldearen musika proposamenari. Hala nola, trikia beti presente, folkak, rockak, Irish giroak, countryak, elektronikak edo world musikak toki dute Haize-Arrosa taldearen kantuetan. Eneritz Gorritxategi (ahotsa eta trikia), Edurtzeta Ania (perkusioak eta ahotsa), Markos Murillo (gitarra), David Vallejo (bateria) eta Peio Agirre (baxua) dira Haize-Arrosa.
Bere izen osoa Eider Saez bada ere, Eider izenpean taularatzen da. Urteak atzera Nøgen taldeko abeslari bezala aritu zen, eta 2022 urtetik aurrera bere bakarkako bidean murgildu da abeslari gipuzkoarra. Debuteko diskoari ‘Loratzen’ izena jarri dio, eta bertan sei kantu berri barneratu ditu. Musikalki pop giro goxoak dira nagusi lan berrian, batzutan rock erritmoetara biratuz, eta besteetan elektronikara gerturatuz. ‘Ez espero ezer nigandik’ kontzertu bira martxan du musikariak, bere azken kantuaren izen bera duen bira.
Gamarrako Atea,
Gasteiz