Alarma Morea + Ezpalak
Irailaren amaieran eta urriaren hasieran Uribarri eta Matikoko jaiak ospatuko dira. Irailaren 26 gauean Alarma Morea eta Ezpalak (argazkian) ariko dira zuzenean.
2019 urtean Zumarragan sortzen den musika egitasmoa da Alarma Morea. Musikalki erritmo dantzagarrietan sakontzen dute eta bide horretan euskaraz egindako rumba edo flamenkoa dira taldearen zutabe nagusiak. Kantu propio eta kantuen moldaketekin osatzen dute zuzeneko kantu zerrenda, eta, emakumearen borroka eta ahalduntzea dute xede, horretarako letrak eta melodiak erabiliz, konzientziak landu eta espazioak berreskuratzeko helburuarekin. Uxue Plagaro (ahotsa, kajoia eta perkusioa), Ainhoa Plagaro (gitarra eta ahotsa), Amets Albisu (dantza eta perkusioa) eta Nuria Culla (baxua) dira egun Alarma Morea.
Ezpalak rock alternatiboa egiten duen talde Zestoarra da. 2019an sortu zen beste hainbat taldetako kideekin, hala nola Voltaia, Los Moths edo Grises. Juanjo Berasain (ahotsa), Eñaut Gaztañaga (gitarra), Unai Eizagirre (baxua) eta Janardana Iglesias (bateria) dira egun taldeko kidean, eta abiadura biziko bidea egin dute hiru urteko bidean hiru disko argitaratuz. Horietako azkena 2022ko neguan ikusi du argia ‘Hortz aina hots’ izenpean.