Addar + Moonshine Wagon
Orozko herriko Zaloa auzoko jaiak ospatuko dira laster eta Ekainaren 26 gauean Addar (argazkian) eta Moonshine Wagon ariko dira zuzenean 22.00etatik aurrera.
Addar taldea Bermeon sortu zen 2018. urtean, ‘Zona Cero’ eta ‘Zartadako’ taldeetako Imanol Rodríguez (bateria), Gorka Padrones (ahotsa eta gitarra), Xabier Bilbao (baxua) eta Beñat Aurrek (gitarra) osatzen dute. 2019ko azaroan Bilboko Koba estudioan grabatu zuten euren lehen lana, ‘Sugarra’ deiturikoa, Jose Manuel Sampedrok ‘Xanpe’ ekoiztua. Bost kantadun disko honetan, Rock eskandinaviar kutsuko abestiak bildu zituzten. Hitzei dagokienez, zekenkeria, egozentrismoa, pasioa, beldurra nahiz itxaropena bezalako gaiak nabarmentzen dira. 2021ko martxoan ‘Errautsak’ (Gor) diskoa argitaratzen da, ’Sugarra’ laneko bost kantuei hiru gehiago gehituz, haien lehen lan luzea osatuz. High Energy Rock n’ Roll!
DISKOGRAFIA
📀 Errautsak [2021] 📀 Suge [2021] 📀 Gordinik [2022]
Moonshine Wagon heavy-bluegrass talde gasteiztarra da. 2013ko udazkenean sortutako talde hau Europako areto eta jaialdi ugarietara iritsi da beti erabiltzen duten autokarabanan. Nahiz eta Goiatz Duttok (biolina, mandolina eta ahotsa), Lander Lourido (gitarra eta ahotsa) eta Victor Martinek (kontrabaxua) osatzen duten taldea, posible da bikote edo laukote formatuan topatzea kontzertuetan. Taldeak lau disko kaleratu ditu musika bidean: ‘Folk you’ (2015), ‘Porca Miseria’ (2017), ‘Straight From The Mud’ (2019) eta 2022 honetan Baga Biga diskoetxearen babesean argia ikusi duen ‘Self-Destruction’.