aho lehor fest:
TAQBIR + THE PRIZE + SICK SHOOTERS + ORSINI + BARRRK
Urriaren 10 arrats gauean Aho Lehor Fest jaialdiaren edizio berri bat ospatuko da Lazkaoko skate parkean. 19.00etatik aurrera bost talde ariko dira zuzenean, Marokoko, Australiako, Herbehereetako eta Euskal Herriko taldeak bagtuz agertoki gainean doako emanaldian. Kontzertuak amaitzean gauak Malantza tabernan jarraituko du Rocky Violencia eta Esnupi DJ-en saioekin.
Taqbir (Maroko)
Kartelaren izen nazioartekoena da. Pandemia garaian logelako proiektu gisa sortu zen; taldeak dariyaz (Marokoko arabieraz) abesten du, eta Nao abeslaria Bartzelonan bizi da 2018an etxetik alde egin ondoren. Bandcampera oroigarri gisa igotako lehen lau kantek oihartzun handia izan zuten, eta Londresko La Vida Es Un Mus zigiluak biniloan kaleratu zituen gero, Victory Belongs To Those Who Fight For A Right Cause izenburupean. Ordutik, Le Guess Who? (Herbehereak), Roskilde (Danimarka) eta Supersonic (Erresuma Batua) jaialdietan jo dute, eta 2024an Estatu Batuetako lehen bira egin zuten Haram taldearekin batera. Hardcore laburra eta bortitza, zapalkuntza patriarkalaren aurkako letrekin.
The Prize (Australia)
Melbourneko bost kideko taldea, hiru gitarrarekin, eta gaueko proposamen melodikoenetakoa. In The Red lehen diskoa 2025eko irailaren 19an kaleratu zuten, Anti Fade Records zigiluarekin Australian eta Goner Records zigiluarekin Estatu Batuetan. Aurretik bi single aurreratu zituzten: «First Sight», King Gizzard taldearekin egindako lehen Europako birarekin batera, eta «Had It Made», The Chats taldearekin egindako bigarren biraren aurretik. Kritikak power pop klasikotik eta pub rocketik punkera
eta new waveraino doan tradizioan kokatu ditu, Cheap Trick, Thin Lizzy, Blondie, The Pretenders eta Tom Pettyren oihartzunekin.
Sick Shooters (Herbehereak)
Utrechteko lau kideko taldea, eta kartelean disko berriena duena. Super Sonic Rock Saga lehen lana 2026ko martxoaren 19an argitaratu zuten, Wap Shoo Wap Records zigiluarekin: hamaika kanta, baxurik gabe grabatuak, ekoizpen gordinarekin eta gitarrak erdigunean. Aitortutako erreferentziak laurogeita hamarreko hamarkadako garage punketik —The Reatards, The Oblivians— hirurogeita hamarreko power poperaino —The Nerves— doaz. Kideek hogei urte inguru badituzte ere, Utrechteko punk
eszenako talde askotan ibilitakoak dira: No Brains, Spurn eta Ultragoblin, besteak beste.
Orsini (Euskal Herria)
Duela gutxi sortutako taldea da, baina Bilboko eszenako beteranoek osatua. Ezin atera lehen diskoa aurkeztuko dute, 2026ko otsailean kaleratua. Punk-rockaren presaren eta post-punkaren giro tenkatuen artean mugitzen da haien soinua, eta diskoa azken urteen kronika pertsonal eta kolektiboa da: itxialdia, auzoaren gentrifikazioa eta elkar laguntzaren bidezko irteera. Edizioa autogestionatutako zigilu sare baten laguntzarekin atera da: DDT Banaketak, Tough Ain’t Enough, Antídoto, Andalucía Über Alles eta Crapoulet Records. Euskaraz eta gaztelaniaz abesten dute.
Barrrk (Euskal Herria)
Laudioko taldea, bere estiloa «rock perruno» gisa definitzen duena. Walking About lehen EPa 2025eko irailaren 23an kaleratu zuten: zazpi kanta, ETEN espazio sonoron grabatuak, La Kabañak eta Álvaro Olaetxeak nahastu eta masterizatuak, eta Asier Riosen azalarekin. Bandcampek bere New & Notable atalean nabarmendu zuen lana. Euskara eta gaztelania txandakatzen dituzte.