Puro relajo + Gozategi
Egunotan Sanantolin jaiak ospatzen ari dira Lekeition, eta bide horretan musika egitarau ederra prestatu du jai batzordeak. Gauero zuzeneko musikaz gozatu ahalko da plazako agertokian.
Mexikar doinuetan datorren banda nafarra da Puro Relajo. 2013 urtean sortuak, taldeak berak sorturiko abestiak eta mexikar kantu ezagunen bertsioak uztartu izan dituzte zuzeneko emanaldietan. Era berean, euskal kantu tradizionalen mariatxi moldaketak ere landu izan dituzte, bai eta disko batean bildu guztiak, tartean ‘Xalbadorren heriotzean’ edo ‘Txoriak Txori’ ezagunak. Musika bidean estudioko sei disko argitaratu ditu taldeak, ehunka kontzertu eskaintzearekin batera.
30 urte bete ditu Gozategi taldeak agertokian, eta oraindik orain taldea osasun onean dela erakusten dute ia astebururo eskaintzen ari diren zuzeneko emanaldietan. 90. hamarraldiaren haseran agertu zen musika eszenan Gozategi, eta sekulako arrakasta lortu zuten triki doinuak bestelako musika eraginekin uztartuz. Geroztik, etengabeko musika bidea egin du bandak, urtez urtez diskoak argitaratuz eta kontzertuak eskainiz. Ez hori bakarrik, haserako musika mantenduz, Gozategiren disko bakoitzean bide berrietan barneratu da taldea, musikalki giro eta erritmo berriak gehituz taldearen kantu zerrendara.