Maruxak + Bad Sound Dj Set
Irailaren 7an Arrateko jaiak ospatuko dira Eibarren. Gaueko 22.30etatik aurrera Maruxak (argazkian) eta Bad Sound Dj Set ariko dira zuzenean.
2003.urtean Irun (Gipuzkoa) herrian sortutako musika taldea da Bad Sound. Reggae, Dancehall eta Ragga estiloak biltzen dituen musika egitasmoak urteak daramatza Euskal Herriko eszenatoki ezberdinak alaitzen eta aztoratzen. Selektah Stepi (DJ) eta Kenitra (MC) dira egun Bad Sound taldeko kideak, eta urte hauetan guztietan ehundaka (milatik gora akaso…) emanaldi eskaini dituzte. Euskal reggae eszenako beteranoak dira, eta erreferente izan dira gerora etorri diren gazte belaunaldi askorentzat. Taldearen estudioko azken diskoak 2018 urtean ikusi zuen argia ‘Birsortzen’ izenean.
Maruxak 2019an sortutako kolektibo trabesti bat da, Iruñeko Mendillorrin jaioa. Haien proiektuak trabestismoa, musika eta euskal tradizioko elementuak uztartzen ditu, folklorea ikuspegi queer, komunitario eta aldarrikatzaile batetik berreraikitzeko. Folklore Travesti bezalako ikuskizunaren bidez, genero-rolak zalantzan jartzen dituzte eta ospakizun-guneak aniztasunaren eta adierazpen askearen espazio bihurtzen dituzte. Azken urteotan Nafarroako hainbat gunetan aritu dira eta LAIAK LGTBIQ+ saria jaso dute. Haien EP berria, ESKUMINAK, aurkeztuko dute.