Anestesia + Horzdun
Anestesia taldeak ‘Erantzun 30 urte’ kontzertu bira jarriko du abaian urritik abendura bitartean. Guztira bost izango dira taldeak eskainiko dituen emanaldiak eta ‘Erantzun’ (Esan Ozenki, 1996) diskoa izango dute zutabe nagusi, lanaren 30. urtemuga ospatzeko. Horren ondoren Anestesia eszenatokietatik aldendu egingo da denboraldi baterako.
Ibilbide luze bezain oparoan izan duen taldea da Anestesia. 1988 urtean Zarautzen sortuak, thrash metala, hardcore punka, edota crossoverra sartu dute taldearen musika kokteleran. Musika indartsua eta erabatekoa da gipuzkoarrena, astuna eta soinu garratzekoa, zaplastako bat bezala. Emanaldi beroak eskaintzen ditu bandak, eta diskoak disko, zuzenekoetan egiten dute gora kantuek. Musika bidean zortzi disko kaleratu ditu bandak, eta zuzenekoetan bidea errepasatzen dute emanaldi beroetan, kantu klasikoak eta berriagoak uztartuz taula gainean. Egun Ibon (ahots nagusia), Dani (baxua), Mikel (gitarra eta ahotsa) eta Albixu (bateria) dira Anestesia. Azken honek Beloki ordezkatu du, taldearen hastapenetatik makilak astintzen ibilitakoa.
Psilocybeko entsegu lokaletan sortzen da Horzdun sludge metal taldea 2014. urtean. Berriki biniloa kaleratu du bandak beraien bi lan laburrekin eta egun hori aurkezten ari dira agertokietan. 2023ko urrian aurkeztu zuten lehen lan laburra: ‘Barealdiaren ondorengo ekaitzak’… 2025 urteko martxoan bigarrena ‘… hondamendia dakar’. Zortzi kantuz osatutako lan honetan taldeak beste ikuspuntu bat eman dio lohiari, astuntasuna mantenduz, baina erritmo azkarragoak eta pasarte garbiagoak ere gehituz. Zati hauek sludgeari talde ezberdinen eragina gehitzetik dator. Besteak beste, Mantar, Isis, Tragedy, High on Fire, Toxic Holocaust, Conan… izan dira errefentzia Horzdunentzat konposatzerako orduan.