Los Sara Fontan + Gailu
Martxoaren 28 gauean Los Sara Fontan eta Gailu (argazkian) zuzenean ariko dira Markina-Xemein herriko Uhagon kulturgunean. Emanaldia 21.00etan hasiko da. Gailu taldeak ‘Bizi eta Ixo!’ diskoa aurkeztuko du kontzertu honetan.
Musika ibilbide luzea duten bi musikariek osatzen dute Los Sara Fontan egitasmoa. Sara Fontan bera La Orquesta del Caballo Ganador eta Manos de Topo proiektuetan ibili da bibolina jotzen, bai eta bestelako orkestra eta formazio klasikoagoetan. Edu Pou, berriz, ZA! taldeko bateria-jotzailea izateagatik da ezaguna nagusiki, bestelako abenturetan ibilia bada ere. Musikalki koktelera koloretsua proposatzen du bikoteak, post-rocka, noise-a, zarata, eta giro esperimentalak landuz emanaldi arriskutsuetan.
Mikel, Okene eta Drake: Gailu. Musika abentura ezberdinetan ibilitako hiru musikariek berriz bat egin dute egitasmo honetan. Entsegu lokaleko esperimentazio eta jolasek, Gailu taldearen berpiztea ekarri dute, lurpetik atera, eta bizi berri bat eman diote ia 20 urte lozorroan egon den egitasmoari. Ahotsa, bateria, baxua eta sanplerrak. Aro berri honetan taldeak estudioko hiru disko kaleratu ditu, eta 60 kontzertu baino gehiago burutu Euskal Herrian zehar, zein, Bartzelona, Valentzia, Castello, Almacelles edota edo Bretainiako Binic Folks Blues Festival jaialdian arituz. Hirukote moduan taularatzen da banda, eta orain arte baxuaren lau sokak jo dituen Mariano ordezkatuz, Hodei ariko da aurrerantzean zuzeneko emanaldietan.
DISKOGRAFIA
📀 ‘Begiak, Egiak Ba Ote?’ [2021] 📀 Autosuntsipena Hasia Da 3,2,1…Znort!!! [2023] ‘Bizi eta ixo!!?’ [2025]
Xemein Hiribidea,
Markina-Xemein