Ruper Ordorika & Mugalaris + Bernardo Atxaga
Ruper Ordorikak ‘Hautsi da anphora’ diskoa taularatuko du Senperen Korrika Kulturalaren barneko ekitaldian. Arratseko 17:00etatik aurrera Larreko Kulturgunean ariko da zuzenean bere banda lagun. Lau hamarkada igaro dira diskoa plazaratu zenetik eta garaia heldu da ‘Hautsi da Anphora’ diskoan agertzen diren kanta guziak berreskuratzeko.
1980. urtean kaleratu zuen Ruper Ordorikak ‘Hautsi da anphora’ bere lehen lana. Baina, lantzean lantzean kaleratzen duen disko berri bakoitzarekin, hausten du errealitatea Ordorikak. Betiko kantuak eginez, baina beti zerbait berria gehituaz. Bera izango da ziurrenik, zuzeneko disko gehien grabatuta dituen euskal kantaria ere –eta beti leku berean, Bilboko Kafe Antzokian– eta hala ere, beti badu zerbait berria erakusteko, aurkezteko, esateko, kontatzeko. Urteen poderioz hartutako jakinduriak, kantagintzan daraman bidearen erakusgarri da Ruper Ordorikaren jarduna.