Mikel Azpiroz
‘Islak’ diskoa aurkezteko hurbilduko da Mikel Azpiroz pianojolea Donostiara. Antiguoko Lugaritz kultur etxean emango du kontzertua ostiralean, eta ondoan izango ditu Karlos Aranzegi baterian eta Fernando Neira kontrabaxuarekin, biak ala biak musikari ezin ezagunagoak eta formazio ezberdinetan aritzen direnak.
Islak du bakarkako azken lana Mikel Azpirozek. Mimo haundiz grabatutako hamar abesti. Pianoa protagonista nagusia den arren, albo alboan ditu ia ia ohartezinak diren perkusioak eta erritmoa, baina pianoari horrenbeste laguntza ematen diotenak. Alboan izango dituen bezala Donostian Fernando Neira eta Karlos Aranzegi, oharkabean, isilik, erritmoa jartzen, oinarria sendotzen.
Euskal Herriko doinuak ondo ezagutu eta abanguardiazkoak jotzen trebea da Azpiroz, eta ‘Islak’ diskoan bezala, aurretik plazaratutako ‘Zuri’ edo ‘Gaua’ diskoetan ere pieza ederrak utzi izan dizkigu. Guzti hoiek izango dira entzungai ostiral honetan Donostiako Lugaritz kultur etxean. Melodia lasaiak, gauekoak, intimistak. Baina gozatzekoak.
Heriz Pasealekua, 20
20008 Donostia