MICE + Pasadena
Egun berean 15 euro
Urtarrilaren 26 gauean Pasadena eta Mice taldeak zuzenean ariko dira Bilboko Kafe Antzokian. Bi taldeek euren lan berriak aurkeztuko dituzte emanaldi honetan.
Miren Narbaizak bere bakarkako proiektuan sakontzen jarraitzen du. 2017an sortu zuen MICE, Napoka Iria, Perlak, Drumkopters eta Dual Split taldeetan ibili ostean. Hirugarren lana kalean du jada, ‘Lautada’ izena darama eta duela urte batzuetatik bizitoki duen paisaia arabarrari erreferentzia egiten dio zuzenean.
Rocka beti abiapuntu, beste estilo batzuetara hurbiltzea gogoko du MICEk, atmosfera ilunak, distortsioak, tenpo geldoak, giro arin eta argiagoekin ahaztu gabe eta ahotsa denaren gidari duela. Taldea honako musikariekin osatu du: Mikel Santxez (Kaskezur) baterian, Ibai Gogortza (Borrokan, Joseba Irazoki) eta Joseba Baleztena (Joseba B. Lenoir, Victimas Club) gitarretan, Iñigo Telletxea (Joseba Tapia, Petti) baxuan, Aitor Garcia de Vicuña (Pasadena) teklatuetan eta Narbaiza bera ahotsean.
Libe Garcia de Kortazar eta Jon Basaguren musikariek sorturiko musika egitasmo berria da Pasadena. Izaki Gardenak edota Libe taldeetan jarduten dira bi musikariak, eta Pasadena taldearekin musika eremu berrietan murgildu nahi izan dute, orain artean landutako giroetatik haratago. Musikalki giro ilunak nagusitzen dira bikoaren kantuetan, folk doinuak eta pop melodiak uztartzen dira bertan, debuteko diskoan argi ikusten den bezala. Berriki lau kantuz osaturiko ‘Izpia’ diskoa plazaratu du bandak, Erraia zigiluaren babesean. Zuzeneko emanaldietarako berriz, talde formatuan ariko dira. Libe (teklatuak eta ahotsa), Jon (gitarra eta ahotsa), Dani (baxua), Danilo (bateria), Ander (gitarra) eta Gartxi (sinteak) izango dira Pasadena.
Done Bikendi Kalea,
Bilbo