LeNOIR & MICE
Irailaren 23an Mice & Lenoir zuzenean ariko dira Bera herriko Kultur etxean, IKA Bortziriak euskaltegiak antolaturik. Emanaldia 20:00etan hasiko da, eta sarrera doakoa izango da.
Joseba Baleztena abeslari eta gitarristaren bakarkako izen artistikoa da Joseba B. Lenoir. Berako lagunekin osaturiko Sexty Sexers taldeko kide izan zen hainbat urtez. Geroztik, hainbat taldetan jotzeaz gain (Sumision City Blues, Izaki Gardenak, Mugaldekoak, Willis Drummond…) bakarka ari da, askotariko doinu instrumentalak zein rock kantuak sortzen. Saioa kantariaren Matrioska Heart diskoan ere parte hartu zuen, besteak beste. Joseba B Lenoir Gang ere osatu izan du, bere piezak talde formatuan aurkezteko.
Miren Narbaizak bere bakarkako proiektuan sakontzen jarraitzen du. 2017an sortu zuen MICE, Napoka Iria, Perlak, Drumkopters eta Dual Split taldeetan ibili ostean. Hirugarren lana kalean du jada, ‘Lautada’ izena darama eta duela urte batzuetatik bizitoki duen paisaia arabarrari erreferentzia egiten dio zuzenean.
Rocka beti abiapuntu, beste estilo batzuetara hurbiltzea gogoko du MICEk, atmosfera ilunak, distortsioak, tenpo geldoak, giro arin eta argiagoekin ahaztu gabe eta ahotsa denaren gidari duela. Taldea honako musikariekin osatu du: Mikel Santxez (Kaskezur) baterian, Ibai Gogortza (Borrokan, Joseba Irazoki) eta Joseba Baleztena (Joseba B. Lenoir, Victimas Club) gitarretan, Iñigo Telletxea (Joseba Tapia, Petti) baxuan, Aitor Garcia de Vicuña (Pasadena) teklatuetan eta Narbaiza bera ahotsean.