KOSMAI KOSIN + SILITIA + ONKI XIN
Egun berean 10 euro
Urtarrilaren 27an Kosmaikosin (argazkian), Onki Xin eta Silitia taldeak zuzenean ariko dira Psilocybenea Aretoan, Hondarribian.
Onki Xin taldeak horrela definitzen du bere musika: “Onki Xin da iraultzarako rocka, hip-hopa, new wavea, fucka eta olerkia”. Eta iraultza asmo horri kantatzen diote etengabe. Elektronika ikutu handiarekin eta beti dantzarako doinu eta erritmoak sortuz. Taldea Zigor DZ eta Fer Apoak sortu bazuten ere, beraien bigarren diskoko kantuen atzean laukote ederra batu da egun. Kantuan Fer, programazioetan, baseetan eta sanplerretan Zigor DZ, gitarra jotzen Mikel Benito dago egun, eta Jon Ander Artola arduratzen da bateriaz. Taldeak berriki kaleratu du estudioko azken emaitza: ‘Hikikomori‘.
Gorpuzkingz eta Gaz Limbo taldeen errautsetatik sortutako taldea da Kosmai Kosin. Erritmo dantzagarriak eta doinu elektronikoak lantzen dituzte, Euskal Herria dantzarazteko helburuaz. Inspirazio iturrien artean aipa ditzakegu: The Prodigy, dlb, Plasaporros, Little Big, Bizarrap… Hainbat kantu sarean zintzilikatu eta gero, ‘Apotheke’ dute lehen disko luzea. CD formatuan kaleratu da lana Hagina Diskak zigiluaren babesean, eta taldeak berak sorturiko bederatzi kantu biltzen dira bertan.
Ibai Silicato eta Xabier Barrutia dira Silitia. Bikote bizkaitarrak punky-funky-elektro-euskal-rock musika bezala definitzen du bere burua eta melodia argiak, bateria robotikoak eta 80ko harmakadako baxuak gogorarazten dituen musika egiten dute. Eragin eklektikoetatik abiatuta, euren abestietan batzuetan hit diskotekeroak, beste batzuetan post-punk baladak eta beste batzuetan pop fina entzun daiteke. Zuzenean, ia bikote komiko bat bezala funtzionatzen dute, euren proposamen ausartak lagunduta, beren musika publikoarengana eramateko duten moduan, horretarako beharrezkoak diren gutxieneko elementuak dituztela: ordenagailu bat, beren ahotsak, eta baxu bat. 2022an Gaztea Maketa Lehiaketan epaimahaiaren saria irabazi zuen taldeak.
Amutalde Kalea,
Hondarribia
Gipuzkoa