HABI + TOC Band

09
Urr
19:00
ANOETA (GIPUZKOA)
Herriko plazan
Doako emanaldia

Hamalaugarrenez, Euskal Jaia ospatuko dugu Anoetan, euskal naziotasuna, kultura eta ingurumena uztartzeko. Urriaren 10ean izango da egun handia, baina bezperan, urriaren 9an, kontzertuak antolatu ditugu kulturaz gozatzeko. Herriko plazan izango ditugu, beraz, HABI eta TOC band (argazkian) taldeak.

Habi

Rock musika jorratzen duen Habi villabonar bikoteak 2018. urtean hasi zuen bere ibilbidea. Aurrez beste talde batzuetan aritutako Yerai Gascon (ahotsa, gitarra) eta Jon Ander Artolak (bateria) osaturiko taldeak 2019an argitaratu zuen lehen lana, ‘Loratu’ (Egilea Editore), baina ‘Koloreak’ (Elkar) bigarren diskoarekin euren musika gehiago zabaltzea eta kritika onak jasotzea ekarri zien. Rock melodiko baina indartsua egiten dute biko formatuan, eta zuzenekoetan indar hori transmititzen dute.

TOC

Musikalki 90 hamarraldiko rock musika lantzen duen banda da TOC. Gitarra zorrotz eta distortsionatuak, base erritmiko oldarkorra, eta ahots zikin bezain indartsuaz, kantu ilun eta intentsoak lantzen dituzte. Taldeak zenbait lan kaleratu ditu formatu digitalean, eta ‘Zidazun’ izena darama estudioko azken emaitzak. Mikel Bilbao (bateria), Aitor Etxebarria (gitarra), Ander Goitia (baxua) eta Xabier Bilbao (ahotsa) dira TOC.