GAZTE TOPAGUNEA:
Zetak + Dupla + Soziedad Alkoholika + Su Ta Gar + Inner + 0dei + Zeker + Trigger + Ezpalak + Hofe x 4:40 + Amooma + La Elite + Liher + Bad Sound + Segruban eta Pula Gzon + Mixerabliak + Andoni Ollokiegi + Burutik
Osteguna 22,50
Ostirala 27,50
Larunbata 27,50
Apirilaren 6tik 8ra bitartean GAZTE TOPAGUNEA antolatu du Ernai gazte erakundueak Elorrion. Hiru egunetan zehar ugariak izango dira bertan egingo diren ekimen, ekitaldi, mobilizazio eta kontzertuak. Bide horretan zuzeneko musikak garrantzi handia izango du eguneroko egitarauean.
Pello Reparaz musikari nafarrak abian jarritako musika egitasmoa da Zetak. Urteak atzera vendetta taldearen Euskal Herriko agertokietan ehundaka emanaldi eskaini eta gero, territorio berrietan murgiltzeko nahia azaldu zuen Arbizu herriko artistak. Bide horretan, musika elektronikoa euskaraz sortzea izan zen egitasmoaren lehen abiapuntua, eta geroztik langintza horretan dabil, bere banda lagun. Denbora tarte honetan bi lan plazaratu ditu taldeak: 2019an debuteko diskoak ikusi zuen argia taldearen izenpean. 2020 urtean, berriz, ‘Zeinen ederra izango den’ lana argitaratu zuen bandak. Bi diskoak, zuzenean eztanda egiteko prest diren kantuez osatuak!
Beñat Oribe eta Gari Uriarte dira Dupla. Arabako Agurain herritik datoz, eta musikalki doinu urbanoen orbitan kokatu izan dituzte. Musika elektronikoa eta erritmo beroagoak uztartzen dituzte, tartean hip hopa, popa, edota reggetoia. Hiru urteko bidean makina kantu kaleratu ditu bikoak, baino ohiko CD formatua atzean utzita, formatu digitalean eta bideo eran zintzilikatu dituzte sarean. Zuzeneko beroak eskaintzen dituen taldea da honakoa, bateria, baxua eta tramankulu elektronikoen bidez, ikuslegoa dantzan jartzeko dute asmo.
Aurkezpen gutxi behar duen taldea da Su Ta Gar. 30 urte baino gehiago zuzenean, eta disko eta kontzertu asko sorbalda gainean. Beti bere ildo gogorrari leial, Euskal Herrian heavy euskalduntzea lortu zuen taldea da Eibarrekoa. Gerora, ildo horretara lerratu ziren talde asko, eta gaur egun oraindik hasierako doinuak eta ostean sortutako berriagoak ere maiz entzuten dira. Diskografia oparoa batu du taldeak, eta 2022ko neguan kaleratu da taldearen estudioko azken emaitza ‘Alarma’ izenpean. Diskoak disko, eta urteak urte, oraindik egurra banatzeko prest den lauko arriskutsua da Su Ta Gar taldea.
‘Terapia’ izeneko diskoa plazaratu berri du ØDEI rap abeslariak. Odei Barroso bertsolari eta musikariaren bakarkako proiektua da, aurretik 2zio taldearekin aritu ostean. Jo Olaskoaga kidearekin batera grabatu ditu abestiok, eta debuteko honetan 15 korte biltzen dira. Hitza eta erritmoak oinarri dituen rap erakustaldi aparta da. Aurretik ere Odei Barrosok bere gaitasunak sobera ongi erakutsi ditu Euskal Herriko eskenatoki aunitzetan, eta bere izena aski ezaguna da Euskal Herriko zaletuen artean. Bertsolari bezala ezagutu bagenuen ere, orain hitza uztartzen ahal du erritmo eta base ezberdinekin. Diskoa kalean zuzeneko emanaldiak ditu jomuga.
2020an Elorrion sortutako punkrock taldea da Zeker. Aurretik, beste zenbait taldetan elkarrekin jotakoak dira Liher Larrañaga, Paul Urigoitia, Pablo Garcia eta Lander Amorrortu. Amankomunean dituzten musika influentziek eta sortzeko grinak elkartu ditu ibilbide berri honetan. Esku artean bederatzi abestiko bilduma bat dakarte, ahots melodia itsaskor eta musikalki punk rock erreferentzia garbiekin. Lehendabiziko lan hau Berrizko Lorentzo Records estudioan grabatu eta ekoiztu dute, Aitor Ariñoren gidaritzapean, 2021eko urrian.
Trigger izenaren atzean Eñaut Zubizarreta musikari gipuzkoarra ezkutatzen da, eta biolontxeloa du bere arma nagusia. Ohikoan entzutera gauden kantuetatik at, txeloak beste unibertso bat baduela erakutsi nahi du musikariak, beti ere, experimentazioan ausartuz bide berrien bila. Pedalak, loopak, distortsioak eta efektuak erabiltzen ditu kantuen sorkuntzan, eta horrek territorio berrietan murgiltzea eraman izan du. Tigger bezala bakarka edo banda formatoan taularatzen da, tokian tokiko aukera eginez. 2019 urtean lehen diskoa kaleratu zuen ‘Esku bi hamar hatz’ izenpean, eta 2021 urtean iritsi zen ‘Poliedro Vol. I’ egitasmoa. Lan mardula da honakoa, eta liburu formatuan, DC-an eta binilo ederrean argitaratu da.
Ezpalak rock alternatiboa egiten duen talde Zestoarra da. 2019an sortu zen beste hainbat taldetako kideekin, hala nola Voltaia, Los Moths edo Grises. Juanjo Berasain (ahotsa), Eñaut Gaztañaga (gitarra), Unai Eizagirre (baxua) eta Janardana Iglesias (bateria) dira egun taldeko kidean, eta abiadura biziko bidea egin dute hiru urteko bidean hiru disko argitaratuz. Horietako azkena 2022ko neguan ikusi du argia ‘Hortz aina hots’ izenpean.
Igotz Mendez nafarra ezkutatzen da HOFE izenaren atzean. Atarrabian sortua musika zainetan eraman du gazte-gaztetatik eta elektronika giroetan murgildua da aspaldi. Musikalki rap eta trap giroetan kokatu izan da bere jarduna, baina bere eraginak askotarikoak dira. 2022 urtean kaleratu zuen ‘Amodioa’ (Oso Polita) diskoan argi ikusten dira bestelako eraginak, kantu guztein artean lotura bat dagoen arren. Lan honetan Xabier Lafuente eta Marcos Galech (4:40) ekoizleekin egin du lan, eta zuzenekoetan ere horrela taularatzen da. Lana zazpi kantuz osatua dator, eta kantuetan hainbat lankidetza topa daitezke, besteen artean Mimroyy, Suneo edo Kiliki Frexko.
2018 urteko abenduan sortzen da Amooma taldea Bilbo handian, musikalki funka, rapa, soula eta sustraidun musika beltza oinarri. Musika abentura ezberdinetan ibilitako zazpi musikariek bat egin dute egitasmoan, eta dagoeneko bi lan grabatu eta kaleratu dituzte. 2020 urtean ‘Welcome to Bilbo’ debutekoa. 2022 urtean, berriz, ‘Soul Biscuit’ diskoak ikusten du argia, sei kantuz osaturiko CD lana.
2015ean Donostian sortutako musika taldea da. Lide Hernando (Ahotsa, gitarra), Iñigo Etxarri (Gitarra, koruak, perkusioa), Joshka Natke (Baxua, koroak), eta Ander Berzosa (Bateria) musikariek osatzen dute taldea. Lehen diskoa, ‘Arrazoi gutxi, denbora asko’ (2015) izenekoa, taldeko abeslari eta gitarra-jole den Lide Hernandok atera zuen bakarlari moduan. Ostera, proiektua talde bilakatu zen eta beste lau disko argitaratu dituzte orain arte: ‘Hauts’ (2016), ‘Tenpluak erre’ (2018) eta ‘Hemen herensugeak daude’ (2020), ‘Eta hutsa zen Helmuga (2021) guztiak auto-ekoitziak. Musikalki rock giroetan dator Liher taldea.
2003.urtean Irun (Gipuzkoa9 herrian sortutako musika taldea da Bad Sound. Reggae, Dancehall eta Ragga estiloak biltzen dituen musika egitasmoak urteak daramatza Euskal Herriko eszenatoki ezberdinak alaitzen eta aztoratzen. Selektah Stepi (DJ) eta Kenitra (MC) dira egun Bad Sound taldeko kideak, eta urte hauetan guztietan ehundaka (milatik gora akaso…) emanaldi eskaini dituzte. Euskal reggae eszenako beteranoak dira, eta erreferente izan dira gerora etorri diren gazte belaunaldi askorentzat. Taldearen estudioko azken diskoak 2018 urtean ikusi zuen argia ‘Birsortzen’ izenean.
Eskusoinuak protagonismo berezia duen banda da Burutik. Akordeoiaren melodiaren atzean rocka dago. Gitarra elektrikoak, bateria, baxua eta ahots urratua. Talde berria eta gaztea da Burutik. Iaz ‘Paradisua’ izeneko lana plazaratu zuten, eta aurten dagoeneko lan berri baten aurrerapena sareratu dute, ‘Damuak’ kantuarekin. Taldeak bere aurkezpenean dionez, eskusoinua ideia berritzaileetan egokitzen dute, eta ideia berritzaileei eskusoinua gehitu. Protesta kantak dira, musikalitate handiarekin. Rockaren eremu ezberdinetara egokitu eta martxan jarriak. Iranzu, Kapon, Jokin, Luar eta Mikel dira Burutik. Boskote nafar bat, euskal doinu berriak eginez.