GARAROCK: Audience + Amorante + Arima

18
Ira
18:00
MENDARO (GIPUZKOA)
ADI: ALDAKETA - SANAGUSTIN ARETOA
Doako emanaldia

Irailaren 18an Gararock festibalaren edizio berri bat ospatuko da Mendaro herrian, Gipuzkoan.

AZKEN ORDUKO toki aldaketa. JAialdia Garagartzan ospatu beharrean, SAN AGUSTIN aretoan ospatuko da!

Aurtengoa bosgarren edizioa izango da, eta kontzertu afitxean hiru musika proposamen ariko dira. Covid egoerara egokituko da jaialdia, eta bide horretan edukiera mugatua izango eta, eserlekuak izango dira. Arratseko 18:00etatik aurrera Audience (argazkian), Amorante eta Arima ariko dira zuzenean. Emanaldia doakoa izango da.

ORDUTEGIAK
18:30 Ate irekiera
19:00 Arima
20:30 Amorante
22:00 Audience

 

Antolakuntzaren oharra
Gararock doako ekitaldi herrikoia da, eta guk espiritu horri eutsi nahi diogu. Horregatik, Mendaroko jendeari, bereziki, larunbat honetan Garagartzatik pasatzera animatzen zaituztegu. Gonbidapen hau helarazten dizuegun aldi berean, esan nahi dizuegu ezin dugula bermatu jende guztia esparruan sartzea; ulertzen dugu horrek ekar dezakeen frustrazioa, eta eskertzen dizuegu zuen ulermena. Ez dago sarrerarik. Edukiera iristeko ordenaren arabera ezarriko da. Nolanahi ere, antolakundeak beretzat gordetzen du zenbait eserleku beste behar batzuen arabera okupatzeko aukera.

Amorante

Amorante, Iban Urizar (Elgoibar 1975) musikariaren proiektua da. 2014tik han hemenka dabil emanaldiak ematen eta musika sortzen. Herritik ateratzen den musika erabiltzen du helduleku bezala, errotik ateratzen ditu musika ezberdinen sustraiak gero erraietatik kantatu ahal izateko. Herritik, errotik eta erraietatik sortzen da amoranteren musika. Amorantek tronpeta jo dezake dena beltzez margotzeko, kopla bat autotunearekin abestu dezake osabaren ispiritua inbokatzeko, elektronikaz busti dezake aspaldi ahaztutako hitzak gogoratzeko. Bere musikaren jatorria urruneko oiartzunek dakarte, baina gaur egungo haizea darabil bere buru, eztarri eta ezpainetan. Emanaldi honetan Forbidden Colours diskoetxe bizkaitarraren babesean argitartu duen ‘Bat edo hiru’ diskoa aurkeztuko du ‘one man band’ formatuko emanaldian.

Arima

Distortsioaren haritik tiraka sortu zen 2018. urtean Arima taldea. Paule Bilbaoren ekimen musikala izan zen, bakarka hasi zen gaur egun ahotsaz eta gitarraz arduratzen dena, baina berehala hirukote moduan. Aurten lan berria plazaratu dute, Bonberenean grabatu eta bertako zigiluarekin argitaratua. Hirukotea Paule Bilbao kantari eta gitarjoleak, Josu Gonzalez baxuak eta Gontzal Bilbaok baterian osatzen dute. Musikalki rock giroetan dator honako taldea, shoegaze bezalako eremuetan murgilduz ere. Letragile aparta bezain iluna da Paule, nortasun berezikoa, eta giro eta iluntasun apartak idazten eta sortzen dituenak bere kantuetan.

Audience

2021 urteko ekainean plazaratu duten ‘Tolesdurak’ lan berria, eta aurrekoetan ez bezala, euskarazko kantuak dira nagusi gernikarren estudioko azken diskoan. Bidehuts zigilupean plazaratu dute lana eta Andoaingo Garate estudioetan grabatua izan da. Musikari iaioak dira gernikarrak, dagoeneko disko sorta itzela daukate, 1999. urtean Arrasateko Shot estudioan hiruzpalau kanta lehen aldiz grabatu eta disko batean plazaratu zituztenetik diskografia oparoa osatu dute. Horrez gain, bi film luzeren soinu banda ere egin dute.