Azken Sustraiak + Sofokaos
Azken Sustraiak taldeak ‘Goierri’ diskoa aurkezteko kontzertu bira abiatuko du laster. Martxoaren 25 gauean LArrabetzuko Hori Bai gaztetxean ariko da banda zuzenean. Emanaldian Sofokaos taldea izango du lagun.
Sofokaos talde nafarra 2013 urte inguruan sortu zen Antsoain herrian. Musikalki punk rocka eta oi! giroak nagusi dira taldearen doinuetan eta ia hamarkada bat daramate agertokietan egurra banatzen. Urte hauetan guztietan diskografia oparoa batu du taldeak, musika bidean ‘Oztopoak gaindituz’ (2015), ‘Gure doinuak’ (2017) eta oraingoz azkena duten ‘Errealitatearen beste aurpegia’ (2022) diskoak argitaratuz.
‘Goierri’ izena darama Azken Sustraiak taldearen estudioko azken emaitzak. Musikalki aurreko diskoetako soinuan sakontzen du taldeak, punk rock eta rock and roll kantuak nagusituz sorkuntza berrietan. Bide horretan gitarren presentzia handia da kantuetan, base erritmiko indartsu eta ahots zorrotz zein melodikoaz. Estudioko laugarren lanean hamar kantu biltzen dira, guztiak taldeak sortuak eta Iruñeako Sound of Sirens estudioetan grabatuak Julen Urzaiz soinu teknikariaren eskutik. Lana digipack erako CDan eta binilo dotorean argitaratu da, eta sarean ere entzun daiteke ohiko plataforma digitaletan.
Andra Mari Kalea, 23
Larrabetzu
Bizkaia