Afu + Leizeak + Burutik + DJ Kazeruerk
Aroztegia proiektuaren aurkako erresistentziaren 1. urteurrena. Aroztegiaren aurkako manifestazio, konzentrazio, akanpada, solasaldi eta bestelakoetara hurbildu den jendea “eskertzeko” xedez antolatuko dute maiatzaren 14ko ospakizuna. Lekarozen jarri du hitzordua Aroztak! taldeak, egun osoko egitaraua osatuz: ipuinak, mural margoketa, zikiro-jatea (txartelak salgai Lekarozen Hiru-Iturrin, Elizondon Intzan eta Txokoton, Arizkunen Dolaetxean eta Erratzuko Zubi-puntan–, bertso saioa, kalejira eta gauean kontzertuak. Leizeak, Burutik, AFU eta Dj Kazeruerk entzungai izanen dira 22:00etatik aitzina.
Eskusoinuak protagonismo berezia duen banda da Burutik. Akordeoiaren melodiaren atzean rocka dago. Gitarra elektrikoak, bateria, baxua eta ahots urratua. Talde berria eta gaztea da Burutik. Iaz ‘Paradisua’ izeneko lana plazaratu zuten, eta aurten dagoeneko lan berri baten aurrerapena sareratu dute, ‘Damuak’ kantuarekin. Taldeak bere aurkezpenean dionez, eskusoinua ideia berritzaileetan egokitzen dute, eta ideia berritzaileei eskusoinua gehitu. Protesta kantak dira, musikalitate handiarekin. Rockaren eremu ezberdinetara egokitu eta martxan jarriak. Iranzu, Kapon, Jokin, Luar eta Mikel dira Burutik. Boskote nafar bat, euskal doinu berriak eginez.
Nafarroako Barañain herrian sortutako musika proiektua da AFU. Gaztetxean musika sortzen hasi, jaietan kontzertua eskaini eta dagoeneko hainbat lan dituzte plazaratuta. Reggae doinuak, folk modernoa, euskaraz eta gazteleraz, runbak, doinu beroak orohar. Haize sekzioa, eta erritmo asko, perkusio dantzagarria. Taldearen estudioko azken emaitzak 2020 urtean ikusi zuen argia ‘Larruazalean’ izenpean, eta bertan taldeak sorturiko zortzi kantu biltzen dira diseinu lan koloretsuan.
Iratxe Remon (Bateria), Irati Goroskieta (Baxua eta zeharkako txirula), Ainhoa Galain (Gitarra), Siobhan Grady (Gitarra eta ahotsa) eta Irati Gutierrez (Ahotsa) musikariek osatzen dute Leizeak taldea. Iruñerritik datoz, eta abesti propioak eta bertsioak jotzen dituzte zuzeneko emanaldietan. Leizeak rock taldea bada ere, emanaldi akustikoak ere eskaintzen dituzte. Oraingoz ez dute diskorik kaleratu, baino sarean entzun daitezke taldearen hainbat kantu. Tartean, Maravillas gaztetxeari eskainitako kantua.